Poterea, Banakoa ta Taldea

Testu hau urtetan zehar garatzen aritu naizen pentsakera baten ondorio da, proiektu kolektibo baten berregituraketak eragindako miñ ta poz emozioek bultzatuta. Egutegi gregoriarreko 2020. urteko udazkenean hasi naiz hau idazten. Nik, ideologia anarkistakin bat etorrita hein haundi batean, potereakiko analisian sakondu izan det nahi gabe, neregandik atera dan zerbait izanda.

Poterea, ez nahastu "ahalmen"akin, besteekiko menperakuntza da. Ahalmena besteen gain hartzeko erabilia da poterea: indar fisiko edo psikologikoa besteen gain hartzeko, baliabideen ahalmena besteen gain, egitura sozialak besteen gain; tradizio, uste eta aurreiritziak besteen gain. Azken hamarkadetan zehar, izenezko demokraziak ta izanezko oligarkiak sozialki onespena lortu dun urte hauetan, sozialki baztertutako hitzak hartu ditu potereak; eta oain, ulermen sozial zabalduan, "boterea" "ahalmen" hutsa da eta modu baikorrean ulertzen da.

Hau ez da kontu berria, berdin in izan baita beste hitz askorekin: poteredunek hitza erabiltzen hasi ta esanahia beaien onurarako moldatu. Komunikabideen papera da gaur egun.

Banakoa bizi-nahi propioa dun edozein izaki da; kontzientzia mailaren araberako sailkapenean ez naiz sartuko ez detelako ezer argi, ta hoi onartu beharra dakat: ez naiz orojakituna eta ez naiz izango. Zu ezta're. Beraz banakotzat edozein animali, pertsonak barne, edo beste izaki bizidun asko ulertzen ditut, denak indibidualki ulertuak. Honekin ohartarazi nahi det poterearen Zientziak ta pentsamendu objektiboak (objektuan zentratua danak, subjektuan ordez) banakoen subjektibotasuna alde batera uzten dula sailkapen orokorrago bat in ta denak taldetzat ulertzeko: espeziea, gizataldeak, arrazak... sailkapen hutsak.

Taldea: gaur egun taldeak bere nahi propioak bilatzen dituzten banakoz daude osatuak eta beraz talderik ez da existitzen, kolektibotasunaren funtsa hamarkada asko atzean galdu zalako; gaur egun taldeak interes indibidualen arabera sortzen dia, nahiz ta jende ugari tematu taldeak modu kolektibo batean ulertarazten. Nere ustez horretarako aukera galduta dago ta taldeak hola ulertzeak poterea indartu besterik ez du iten. Argi utzi nahi det gaur egungo kolektibotasun falta ez detela inplizituki txartzat jotzen, baizik ta kontutan hartu behar degun errealitate bat dala. Ez naiz kontuak historia bidez ulertu nahiaren aldekoa, historia gezurren antologia hutsa da-eta ta bakoitzak bere historia subjektibo propioa dulako: historia ere ez da existitzen. Haratago junda, "existentzia" mundua subjekturik gabe ulertu nahiaren ondorio erratu bat dala pentsatzet, baño beharrezkoa deguna gure ingurua ulertu ta ez burua galtzeko.

Entzuna daukat indibidualismoak tirania ekartzen dula, baño tirania ez al da talde baten izenean partaide batzui beraien nahien aurka ekitea derrigortzea? Benetan pentsatzen dezute banako batek tirania gauzatzeko poterea dula? Nik arrixkua kolektibotasun gabeko, banakoen berekoikeriak bultzatutako taldeetan ikustet; bakoitzan interesak talde bateko kide guztiei aplikatu nahiak du arrixkua, helburu bat lortzeko banakoak erraminta gixa kontsumitzeak. Poterea hitzartean jarrita, banakoen indar fisiko eta psikologikoa, tradizio eta usteek baldintzatuta eskeintzen dun ahalmena helburu batzuk lortu eta banakoen gainetik helburuak kokatzean oinarritzen dia taldeak: kolektibotasun galdu bat idealizaturik, taldekatzeak salbatuko gaitularen ustea eta honek sortutako presioa, presio sozial haundia sortzen baitu taldeak, banakoen baliabideak xede batekin erabiltzeak banakoekiko sortutako poterea. Eta zeintzuk dia poteredunak? Denak. Eta zeintzuk dia poteregabeak? Denak. Taldeek batzutan batzun interesen alde jokatzen du ta bestetan, aurka. Batzutan poterea usatzen degu ta bestetan, pairatu.

Ez det alde batera uzten banakoek taldea behar degula, baño konsziente izan beharra daukat taldeak banakoen erabilera ta zapalkuntzan oinarrituak daudela. Eta konsziente izan beharra daukat kolektibotasunaren idealizazioa oso eratuta dagola gure inguruan, izan ideologia/mugimendu "eraldatzaileetan", izan tradizionaletan. Izatez ideologia eraldatzaileetan gauzatzen dan ezaugarri bat ideologia tradizionaletako oinarria ez kritikatu eta bereganatzea da: bitartasuna.

Bitartasuna antzinarotik gure ingurunea errexago ulertzeko sortu degun egitura mentala da, dena sailkapen oso haunditan sartzea eta ezin utzi ahal izatea ezertxo're kanpo: txintxoak ta gaixtuak, onak eta txarrak, zibilizatuak eta basatiak, gu eta beaiek. Dena sailkatzeko beharra degu eta ez degu ulertzen zeozer sailkatu gabe eon daitekela: ez zaigu buruan sartzen. Honek subjektuan oinarritutako analisia alde batera uzten du, "errealitatea" ulertzeko zailegia izango zalako; eta objektuan oinarritutako analisi horrek helburu amankomun eta denentzako egokiak daudela sinistarazten digu, beraz, taldeak onuragarriak diala edozein partaiderentzako. Baño errealitatea da hain geala ezberdinak, guk bakarrik jakin dezakegula gure beharra eta ezin dala denentzako onuragarritasun bakar bat ezarri.

Entzuna daukat ere taldeetan batzutan sakrifizioak in behar ditugula, beti ez dala gure atsegiñekoa, baño sakrifizioa ez al da hainbeste kritikatzen degun kultura judeokristauaren oinarri? Benetan pentsatzen dezute sakrifizioak onartu behar ditugula? Batzutan gure interesen aurka jokatu behar degula, noizbait alde izango dalakoan? Uste hortan oinarritzen dia egungo sasidemokraziak, sakrifizioak eta txintxotasuna noizbait bueltatuko zaigulakoan. Eta denek dakigu ez dala hola: poteredunek sakrifizio hoiek hartu ta beretzat gordetzen dituztela. Erabat onargarria da netzako nonork hola jokatu nahia, sakrifikatu nahia noizbait beste batzuk beregatik sakrifikatuko dialakoan. Baño ez nago ados pentsaera hoi denek onartu beharko zutela pentsatzeakin, denentzako egokia dala pentsatzen: bitartasuna baliatuta denetzako onura amankomun bat dagola sinisteakin. Berdin gertatu da poteredunek aurtengo epidemiaren harira ezarritako moralarekin, zeinetan banakoak denaren aurretik denbora asko bizitzea jotzen dan bizi-filosofia bakartzat eta zeinetan ez dan sartzen, adibidez, hedonismoa: bizi bitartean gozatzea ez dakizulako bihar autobus batek harrapatu ta hilko zaitun eta zeinak, beraz, bizitza oain disfrutatzea bultzatzen dun, etorkizunaren beldurrei uko eginda.

Hau guztia pertsonen artean ematen bada, hausnartu nolakoa dan beste izakiekiko poterearen zapalkuntza: latza. Animaliak gizakiontzako erabilerarako sortuak daudela eta haien gorpu(tz)ak produktu bihurtzea, haien subjektibotasuna, izaera eta nahiak kontutan euki gabe, benetan latza da: poterearen erakustaldi bizi eta, neretzat, negargarria.